XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

C) HAMAR URTE BARRU DENOK BURUSOIL

Ipuinaren sarrera eta azken egoera emango zaizkizu, launaka jarrita hasieran ematen den egoeratik azken egoerara heltzeko eman behar diren pausoak idatz ditzazuen baina ez edonola:

Gogora dezagun testu narratiboetan sarreran ematen den egoera orekatua aldatuz doala gertakari bat dela medio azken egoera azaldu arte.

Izan ere, guk gertakari hori zein izan daitekeen, dakartzan oztopoak eta protagonistaren erabakia zein izango diren asmatuko ditugu, azken egoerarekin topo egin arte.

Taldean irakurri, bada, sarrera eta azken egoera eta erdiko pausoak asmatu.

Hemen duzue, bada, HAMAR URTE BARRU DENOK BURUSOIL ipuinaren SARRERA:

Isaias profetarenean hala dago idatzirik:

Eta usain goxoaren ordez, kiratsa izanen dute; eta gerrikoen ordez, soka bat; eta ile txirikorden ordez, burusoilkeria; eta soineko dotereen ordez, zakua; eta edertasunaren ordez, lotsa.

Hala ere, jendez betetako naturistaren kontsultan, Paulek guztiz iletsu imajinatzen zuen Isaias profeta; bera ez bezala, bizar eta txima luzekoa.

Naturistaren itxarongelan jende gaizobera ikusten zen, profeziaren adibide esplizitoa balitz bezala, eta Paul nahikoa gustora sentitzen zen han.

Bere buruan zenbait hutsune agertzen hasiak ziren, ilea ahultzen eta gutxitzen hasia zitzaion, eta bere buruarentzako sendabidea aurkitzea espero zuelako zegoen han.

Lehendabiziko aldia zen horrelako toki batera zihoana eta, nahiz dentistarenean beldur haundiagoa izan, bere barrenean beldur-puntu bat nabari zitekeen .

Itxarongelan bertan plastikozko aingeru baten irudiari erreparatu zion eta bere ile ederra eta irribarre gozoekin, Isaias baino samurragoa iruditu zitzaion.

Baina Paulek oso gogoan zeukan Isaiasen profezia, eta berehala oroitu zen txikitako maisu batez, eta nola deitzen zioten hari Euli aireportua, hain buru disdiranta zeukan...

Eta hemen, AZKEN EGOERA:

Eta diru harekin sekulako bazkaria egitea erabaki zuen.

Eta gertatu zen bazkaria ondo bustita egon zela eta kalera mozkor-mozkor eginda atera zela.

Eta inoiz ile ederreko baten bat ikusten bazuen berdin zion mutila ala neska izan, Isaiasen profeziak dioena gogorarazten zion, hura uste baino lehenago iritsiko zitzaiola esanez.

Egun hartan, etxean jada, bertako ispilu guztiak txikitu zituen.

Asma itzazue, bada, ELEMENTU DETONATZAILEA, OZTOPOAK eta ERABAKIA.